Egun bat lehenago, dena prest daukagu Iruñean. UEUko Iruñeako ikastaroak astelehenean (uztailak 18) hasi ziren, gure blog ikastaro-atelierra bihar (uztailak 20) hasiko da, baina dagoeneko dena prest daukagu.
Wireless konexioa Larraonan
Ikastetxera heldu, ikastaroko karpeta hartu, otorduetako txartelak eskuratu, eta gelako giltza eman didate. Ordenadorea piztu, eta haririk gabeko sarera konektatzeko aukera izan dut. Ordenadoreak hiru sare topatu ditu, eta Larraonakoan sartzeko sarbidea behar omen da, bestelako sare irekietako batean sartu eta posteatzen hasi naiz, ikastaroaren gainean.
Hiru eguneko ikastaroa
Ikastaro azkarra izango da gurea, oso. Hiru egunetan, di da batean, euskal blogosferaz arituko gara. Eta atelierrean blog berriak gehituko ditugu. Blogintzaz aritu, blogosfera, Internet, sindikazioa, prentsa eta kazetaritza, softwareaz… denetarik egiteko denbora izango dugu. Blogak gurean, nazioartean bezala, fenomeno berria diren arren, horren gainean jardungo gara, eta gogoeta batzuk egiteko aukera izango dugu.
Informatika saila sendo
Aurten, UEUko Informatika sailak bi ikastaro antolatu ditu. Astelehenean hasi zen Segurtasun informatikoarena, eta arrakastatsua suertatu da jende aldetik. Bihar abiatzen da Blogen gainekoa, eta jendez lepo egongo dela ematen du, matrikulazioari dagokionez: 30 lagun egongo gara egunero.
Aurrera begira
Beraz, badirudi Udako Euskal Unibertsitatea, krisi guztien gainetik, etorkizunerako apustuetan behintzat sendo dagoela. 18 ikastaro eskaini zituen UEUk Iruñearako aste honetan, 5 ikastarotan ez da jende nahikorik matrikulatu, baina hala ere, jende aldetik antzera dago Larraonako ikastetxea.
Inaki Irazabalbeitia kexu da, bestelako garaiak gogoratzean, zientzietako ikastaroak botatzen ditu faltan, baina Teknologia berrien inguruan bi ikastaro arrakastatsu izateak, ematen du zer esana ezta? Baikorra naiz ni alde horretatik, UEU norabide egokian dagoelakoan.
Euskal Blogosferak orohar urtebete bete duen honetan -bide batez zoriondu dezagun eibar.org ekimena- bide honi ekiteko pertsona gehiago batuko gara hemen. Hemengo gogoetek, hemengo eztabaida eta pratikak bide horretan sakondu beharko dute.
Saiatu beharko dugu, ikastaro hauetatik, benetako aportazioak egiten Euskal Unibertsitatearen bidean, blogosferan eta euskal pentsamendu eta jakintzaren sozializazioan oro har. Baikorregi apika? Ikusiko dugu.