blogak UEUn

Udako Ikastaroak2005 July 22 3:41 pm

UEUko prentsa bulegokoek Udaro agerkaria argitaratzen dute goizero hemen. Prentsa agentzia lana ere, informazio berarekin egiten dute. Hona eta hara igortzen dute.
Kazetaritzaren paradoxak, egunkari batzuetan informazio hori bere horretan publikatzen dute. Oso osorik.

UEUko arduradunek, ez dute deus Interneten argitaratzen, Informazioaren gizartera fotokopietan heldu gara. Blog bat prestatu beharko diegu datozen kurtsoetarako, hemengo berri blogosferan agertu dadin. Tira, eztabaidarako gaia izan daiteke.

Baina, hori bai, Diario de Noticias egunkariak, osorik kaleratu du Zihara Enbeitak idatzitako atzoko kronika. Eta guk Udaron irakurri dugu goizean, klasera sartu aurretik. Paperezko egunkaria ikusi dugu gero prentsa bulegoan, eta Interneten topatu dugu, sarean.

Kazetaritza ofiziala, krisian dago. Ez da dudarik. Honatx adibide on bat.
Baina titularra benetakoa da, egia osoa. E-blogosfera eraikitzen ari gara. Beharrezkoa zaigu.

Udako Ikastaroak2005 July 21 7:06 pm

Gaur bi hizlari izan ditugu goizean: Gari Araolaza eta Jabi Zabala. Hitzaldi bana eskeini digute goiz partean. Biak oso oso interesgarriak. Biak jarri dute bere materiala eta sorkuntza eskuragarri sarean.

aurki.com

Eibar.org eta aurki.com
historia digital interesgarria

Garik eibar.org elkartearen historia kontatuz, Aurki.com bilatzaile eta informazio jario biltzailearen bilakaera ere kontatu digu. Kanpotik bezala, barrutik ere ikusi dugu Aurki. Eta oso interesgarria iruditu zaigu bertan bilduta geundenoi. Hitzaldiak ematen ere, argia delako Gari.
Ezkorra agertu zaigu une batzuetan, Aurkirekiko jendearen erantzunari buruz, baina hilabete batzuen ostean, oraindik ez da oso gune ezaguna. Horrelako ekitaldiek berriz, mesede egiten diote, fabore. Haize alde.

sarean.com

Sarean.com
euskal Interneten artxibo digitala

Egunkarian eta Berrian zortzi urtez Interneti buruzko artikuluak egin ditu astero Jabi Zabalak. Eta 8 urte Interneten ia historia guztia da. Santimamiñeko konbetatik gaur arte. Eta Egunkaria itxi zutenez, artikulu guztiak sarean.com gunean bildu zituen, artxibo digital interesgarri bat sortuz.
Egun, e-blogosfera indartsu bat sortzen ari gara, eta horren azterketa egin du Jabi Zabala kazetari eta komunikazioan aditua den gure lagunak. Bi hitzaldiak interesgarriak izan dira, duda barik.

Erronkak: bisibilitatea eta oihartzuna
Atseden une labur baten ostean -ez da gaur kaferik egon- mahaiaren bueltan jarri ditugu gure hizlariak. Gelaz aldatu, izan be sutan zegoen PCz betetako gure laborategi txikia, eta eztabaida interesgarri bat piztu dugu.
Bisibilitatea behar dugula adostu dugu, oihartzuna behar dutela blog eta mugida digital hauek. Ondo ari garela, gehiago egingo dugu… eta blogaz gaindiko bestelako software sozial ezberdinak aztertu eta kudeatu behar ditugula entzun dugu.

E-irakaskuntza
Irakaskuntzara bideratutako proiektuak egiten hasiko gara. Ikastetxeetan, ikasgeletan… eta gure ikastarora batu diren irakasleak -ikasle hemen- gogotsu ikusi ditugu ikasturte berrirako. Hala bedi.

Flickr-en argazki batzuk zintzilikatu ditu Garik.

Uncategorized2005 July 20 4:34 pm

Albiste bat zelan sortu ikasten ari gara.
Erreza dirudien arrren, adi adi egin beharko dugu dena.
Iñaki Uria

Talde handia gara…. eta sortu eta sortu ari gara.

Ea, lehen saiakera hau, ondo ateratzen zaigun.

Udako Ikastaroak2005 July 19 4:08 pm

Egun bat lehenago, dena prest daukagu Iruñean. UEUko Iruñeako ikastaroak astelehenean (uztailak 18) hasi ziren, gure blog ikastaro-atelierra bihar (uztailak 20) hasiko da, baina dagoeneko dena prest daukagu.

Wireless konexioa Larraonan
Ikastetxera heldu, ikastaroko karpeta hartu, otorduetako txartelak eskuratu, eta gelako giltza eman didate. Ordenadorea piztu, eta haririk gabeko sarera konektatzeko aukera izan dut. Ordenadoreak hiru sare topatu ditu, eta Larraonakoan sartzeko sarbidea behar omen da, bestelako sare irekietako batean sartu eta posteatzen hasi naiz, ikastaroaren gainean.

Hiru eguneko ikastaroa
Ikastaro azkarra izango da gurea, oso. Hiru egunetan, di da batean, euskal blogosferaz arituko gara. Eta atelierrean blog berriak gehituko ditugu. Blogintzaz aritu, blogosfera, Internet, sindikazioa, prentsa eta kazetaritza, softwareaz… denetarik egiteko denbora izango dugu. Blogak gurean, nazioartean bezala, fenomeno berria diren arren, horren gainean jardungo gara, eta gogoeta batzuk egiteko aukera izango dugu.

Informatika saila sendo

Aurten, UEUko Informatika sailak bi ikastaro antolatu ditu. Astelehenean hasi zen Segurtasun informatikoarena, eta arrakastatsua suertatu da jende aldetik. Bihar abiatzen da Blogen gainekoa, eta jendez lepo egongo dela ematen du, matrikulazioari dagokionez: 30 lagun egongo gara egunero.

Aurrera begira
Beraz, badirudi Udako Euskal Unibertsitatea, krisi guztien gainetik, etorkizunerako apustuetan behintzat sendo dagoela. 18 ikastaro eskaini zituen UEUk Iruñearako aste honetan, 5 ikastarotan ez da jende nahikorik matrikulatu, baina hala ere, jende aldetik antzera dago Larraonako ikastetxea.
Inaki Irazabalbeitia kexu da, bestelako garaiak gogoratzean, zientzietako ikastaroak botatzen ditu faltan, baina Teknologia berrien inguruan bi ikastaro arrakastatsu izateak, ematen du zer esana ezta? Baikorra naiz ni alde horretatik, UEU norabide egokian dagoelakoan.

Euskal Blogosferak orohar urtebete bete duen honetan -bide batez zoriondu dezagun eibar.org ekimena- bide honi ekiteko pertsona gehiago batuko gara hemen. Hemengo gogoetek, hemengo eztabaida eta pratikak bide horretan sakondu beharko dute.

Saiatu beharko dugu, ikastaro hauetatik, benetako aportazioak egiten Euskal Unibertsitatearen bidean, blogosferan eta euskal pentsamendu eta jakintzaren sozializazioan oro har. Baikorregi apika? Ikusiko dugu.

Udako Ikastaroak2005 June 8 12:41 pm

UEUko ikastaro honetara jende askok eman du izena, 21 lagunek dagoeneko. Oraindik egun eta aste batzuk falta diren arren, ikastaro arrakastatsua suertatzen ari da, inolako ezbairik gabe.

Ikastaroa antolatzen hasi ginenetik, blogintzan ere gauza berriak suertatu dira. Fenomeno berriak daude, albisteak, programak.

Blogak egiteko ere, atzo baino aukera gehiago dago gaur, bihar gehiago izango diren esperantzan. Eta ikastaroan, zelan ez, hoien berri edukiko dugu. Blogak egiteko software ezberdinak hizpide izango ditugu gure ikastaro-tailer honetan, eta besteak beste wordpress euskaratua ere gure artean izango dugu. Frogatzeko eta saiatzeko moduan.

Tailer honetan blogak egingo ditugu. Blogetaz arituko gara. Euskarazko softwarea frogatu eta blogintzan arituko gara. Adibide hurbilekoak izango ditugu gainera: eibar.org , goiena.net , doako plataformetan egindako blogak…. eta beste.

Udako Ikastaroak2005 May 10 9:09 am

Ikastaro bat, gurea. Zer ikasteko?
Blogak. Blogak egiten ikasiko dugu UEUn. Ikasle bakoitzak blog bat egingo du ikastaro honetan. Blogen gainean arituko gara, baina bloga erabiliz. Berdin hitzaldia atontzeko zein hitzaldiko apunteak hartu eta blogera pasatzeko. Argazkiak igo edo ondokoaren blogean trackback egiteko. Eztabaida eta gogoeta pratikarekin tartekatu gura dugu. Asmatu egin beharko dugu zelan. Eta hori Iruñean ikusiko da. Asmatzen asmatzea da kontua.
Euskal blogosfera aztertzea da xede nagusia. Ikasturte berriari gogotsuago heltzeko gero.

Tailer bat, Iruñean. Zer egiteko?
Tailerrean, konponketak egin bakarrik ez. Blogak puntuan ere jarriko ditugu. Edota berritu. Diseinuak aldatu. Denetarik egin daiteke gaur egungo tailerretan. Gurean eskuak asko zikindu barik arituko gara. Ordenadoreen aurrean, aukera guztiak ikusiko ditugu. Eskura ditugunak behintzat.
Tailerrean, blogintza mugimendu honen azken nobedadeak beste mugimendu batzuekin uztartu ditzakegu. Podcasting-a, argazki-blogak, moblogina… eta hemendik eta uztailera bitarte sortu daitezkeenak.

Eztabaida bat, gure artean. Zertaz jarduteko?

Blogen garaia bizi dugu. Euskal Herrian sortu dira batzuk, erreferentzia dira. Eta unibertsitateari dagokio, eztabaida eta gogoeta eragitea. UEU ez da ohiko unibertsitatea. Udan egiten da, eta euskaraz. Ba guk, udan eta euskaraz blogintzaz arituko gara. Ikuspegi teknologikotik batzutan, hizkuntzaren aldetik (euskaraz lantzen den blogintzaz) edota blogintzaren eragin soziologikoaz (gizartean, gure euskal eremuan batipat). Asko dago berba egiteko, eta han egongo gara batzuk.

Udako Ikastaroak2005 April 25 5:02 pm

UEUk dagoeneko bere gunean aukeran jarri du udako ikastaroetan matrikula egiteko orri berezi bat.
Aurten ere, eskaintza zabala egin du Miarritze, Eibar eta Iruñeako ikastaroetarako.
Informatika sailak, Iruñean egingo ditu bi ikastaro, aste berean: Segurtasun informatikoari buruz lehenengoa, eta Blogei buruzkoa gero.

Zuk ere, matrikulatu gura izan ezkero, orain daukazu aukera, eta bertotik baino hobe UEUren gunera jotzen baduzu.

Orri honetan, ikastaroari buruzko informazioa sartuko dugu apurka apurka. Hizlariak, blogak, aztertuko ditugun gaiak…. guzti guztia Iruñeako ikastaroari begira. Han gero, aurrez aurre landuko dugu guzti hau, eta gehiago.

Denbora galdu barik, beraz, eman izena eta prestatu udako arropa.

Udako Ikastaroak2005 April 11 6:03 pm

Uztailaren 20, 21 eta 22an blogak hizpide UEUn (Iruñea).

uztailak 20
Ikastaro/tailerraren aurkezpena

Patxi Gaztelumendi: Kazetaritza partehartzailea; we the media (kazetaritza 3.0) (gaztelumendi.org)

uztailak 21
Begiratu bat euskal blogosferari

goizez:
Gari Araolaza: aurki.com Bilatzailetik, informazio jario tresna berri bat. (aurki.com)
Jon Antolin Txarroalde: berriemaile.com Blogintza unibertsitatean (berriemaile.com)
Jabi Zabala: sarean.com Euskarazko blogintzaren bilakaera, euskal Interneten panoraman (sarean.com)

Hizlari bakoitzak partehartzen duen proiektua aurkeztu ostean, blogosferaren gaineko mahaingurua egingo dugu.

arratsaldez:
tailerra. Movabletype, Wordpress eta Coreblog plataformetako blogak ikusi, aztertu eta frogatuko ditugu.
Doako blogak zelan egiten diren ere aztertuko dugu Internet sareak eskaintzen dituen baliabide ezberdinekin.

Ikasle bakoitzak blog bat
egingo du atelier honetan.
Sindikazioa; RSS, feed-ak.

Halaber arratsaldez; Soziologia sailarekin batera egindako ekitaldia.
Teknologia berriak eta partehartzea, Patxi Gaztelumendiren hitzaldia.
Hitzaldi honetan, batez ere blogak (software soziala) eta software librea aztertuko dira, partehartze modu berri eta eraginkorrei buruz gogoeta egiteko.
(Soziologiako ikastaroa Herriaren parte hartze politikorako mekanismoak: erreferendumak, herri-kontsultak eta bestelakoak )

uztailak 22
Iñaki Alegria: Blog software plataforma ezberdinen azterketa (UEU)
Martxelo Otamendi: Blogak eta euskal prentsa (Berria)

Ikastaroaren amaiera, balorazioa eta kronikak blogetan.