Iruñean blogak egingo ditugu, eztabaida artean
Ikastaro bat, gurea. Zer ikasteko?
Blogak. Blogak egiten ikasiko dugu UEUn. Ikasle bakoitzak blog bat egingo du ikastaro honetan. Blogen gainean arituko gara, baina bloga erabiliz. Berdin hitzaldia atontzeko zein hitzaldiko apunteak hartu eta blogera pasatzeko. Argazkiak igo edo ondokoaren blogean trackback egiteko. Eztabaida eta gogoeta pratikarekin tartekatu gura dugu. Asmatu egin beharko dugu zelan. Eta hori Iruñean ikusiko da. Asmatzen asmatzea da kontua.
Euskal blogosfera aztertzea da xede nagusia. Ikasturte berriari gogotsuago heltzeko gero.
Tailer bat, Iruñean. Zer egiteko?
Tailerrean, konponketak egin bakarrik ez. Blogak puntuan ere jarriko ditugu. Edota berritu. Diseinuak aldatu. Denetarik egin daiteke gaur egungo tailerretan. Gurean eskuak asko zikindu barik arituko gara. Ordenadoreen aurrean, aukera guztiak ikusiko ditugu. Eskura ditugunak behintzat.
Tailerrean, blogintza mugimendu honen azken nobedadeak beste mugimendu batzuekin uztartu ditzakegu. Podcasting-a, argazki-blogak, moblogina… eta hemendik eta uztailera bitarte sortu daitezkeenak.
Eztabaida bat, gure artean. Zertaz jarduteko?
Blogen garaia bizi dugu. Euskal Herrian sortu dira batzuk, erreferentzia dira. Eta unibertsitateari dagokio, eztabaida eta gogoeta eragitea. UEU ez da ohiko unibertsitatea. Udan egiten da, eta euskaraz. Ba guk, udan eta euskaraz blogintzaz arituko gara. Ikuspegi teknologikotik batzutan, hizkuntzaren aldetik (euskaraz lantzen den blogintzaz) edota blogintzaren eragin soziologikoaz (gizartean, gure euskal eremuan batipat). Asko dago berba egiteko, eta han egongo gara batzuk.
